XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Max kopetilun zegoen itzuli zenean.

Rezepzioko siloian eseri zen.

Pagatzeko zutitzerakoan dardar egin zioten zangoek.

Logelak bigarren pisuan zeuden, bata bestearen ondoan.

Berdinak ziren biak.

Ohe bat, armario bat, lababo bat eta ispilu bat bietan.

Kalefakziorik ez izanagatik ez zegoen hotzik.

Max sartu eta ohantzean jarri zen.

Beatriz bere alboan belaunikatu zen.

- Zer moduz eztarria? Max-ek eskuarekin estali zituen begiak.

Ttua irentsi zuen.

Beatrizek ahurra paratu zion kopetan.

- Nik uste sukarra duzula.

Gero eskumuturra hartu zion ordua kontsultatzeko.

Eztiki mintzatu zitzaion: - Ni orain botika bat bilatzera joanen naiz.

Zuk lo egin behar duzu, baina lehenik bazkaldu egin beharko genuke.

Beheko jangelatik oso usain gozoa ateratzen zen.

Zoaz hara eta itxoin ezazu pixka bat ni bueltatu arte. Konforme?.

Max-ek eskua kendu zuen begi aurretik.

Beatrizek zutitzen lagundu zion.

Beatriz irten zenean Max-ek gabardina kendu zuen.

Txaketaren barneko sakeletik paperak atera zituen.

Bustiak eta zimurrak.

Destolestu gabe sartu zituen lehengo tokian.

Lababoan aurpegia garbitu zuen eta ispilu aurrean geratu zen.

Orrazia atera eta astiro apaindu zen, ilea erabat bustirik eta dizdiratsu ikusi arte.

Orrazten zen bitartean ilean zentratu zuen begirada, bizarra eta betazpiak ebitatuz.

Jangelan sobera argi zegoela iruditu zitzaion.

Zuriegia, pentsatu zuen estufa zilindrikoaren ondoan eseri eta gero.

Izan ere, zuriak ziren mantelak, paretak, leihoak eta kamareraren mantala.